Bista Alaiko eremu urbanisitikoko 230.243,56 euro falta direla salatu du Beasaingo Udalak
Herritar batek Bista Alaiko eremuan egindako eskari baten ondorioz, 2008an gertaturiko “kudeaketa ilun batekin topo” egin dutela azaldu du Aitor Larburuk gaur goizean egin duten prentsaurrekoan. Espedientean aurkitutako dokumentazioaren arabera, eremu urbanistikoan egindako eraikuntzari zegokion %10eko aprobetxamenduaren arabera, Udalak jaso beharko lukeen diru kopuruan 230.243,56 euro falta dira.
Atzo egin zen Hirigintza Batzordera eraman zuten gaia, orduko Hirigintza Batzordeburua zen Aitor Aldasorok argipenak eman zitzan. Hau “jokoz kanpo” harrapatu zutela diote. 2007ko abuztuaren 17an Hirigintza aholkularitza egiten zuen Toledo taldeak 696.243,56 euroko diru ordaina ezarri zion eraikuntza burutu zuen Ausartondo enpresari %10eko aprobetxamendu kontzeptua Udalari ordaintzeko , eta “azken unean gai zerrendatik kendu egin zen puntu hau” Larbururen esanetan.
Gainera, azaldu du, une horretan Udaleko Idazkariak argi utzi zuela “kobratu beharreko kantitate horrekin irregulartasuna egiten ari dela” eta “hala ere PNVko alkateak aurrera jarraitu” zuela.”Beasaingo Herria kaltetua izan da 230.243,56 euro galdu” dituelako, azaldu du Larburuk, eta “inongo salaketa gogorrik egin gabe, zer gertatu zen argitu” nahi dutela esan du Agirrek. Horretarako, datorren astelehenean bilduko dira eta “garai hartan zegoen jendeari azalpenak emateko aukera” emango dietela diote.