Urretxuko eta Zumarragako EH Bildu koalizioak Argixao egoitzako langileek etzirako egin duten manifestazio deialdiarekin bat egin du, baita Urretxuko udal gobernuak ere. Langileei elkartasuna agertzeko koalizioak prentsaurrekoa egin du arratsaldean, Argixao egoitza kanpoan; bide batez, publikoki zenbait konpromiso hartu dituzte eta eskaerak egin ere. «Zumarragako Argixao egoitzan greba mugagabean dauden langileei gure elkartasuna eta gertutasuna agertu nahi diegu», esan du Jon Altolagirre EH Bilduko kideak.
Asteburuan Beasainen hustu zuten etxebizitza bat, luizi bat zela medio. Bart gauean, berriz, Ordizian gertatu da antzeko kasu bat. Euriteen eraginez, Hiruburueta auzoan zegoen horma bat erori zen, 22:30ak aldera. Hormarekin batera, gas hodi bat puskatu zen; haren usaina hartu orduko deitu zuten bizilagunek larrialdi zerbitzuetara. Ingurua aztertu ondoren, Toki Alai etxean bizi diren lau familiei bertatik ateratzeko eskatu zieten. Ertzainak, udaltzainak, suhiltzaileak eta bi anbulantzia bertaratu ziren. Azkenean, bizilagunetako batzuk etxera itzuli ahal izan zuten.
Zumarragako Argixao egoitzako langileek greba mugagabearekin eta protesta egiteko kanpalekuarekin jarraituko dutela adierazi dute. ELA sindikatuaren babesean egindako agerraldian, etzirako manifestazioa deitu dute Urretxun eta Zumarragan. Manifestazioa 19:00etan aterako da Areizaga-Kalebarren plazatik. «Borroka hau gogorra izango da, baina irabaziko dugu», esan dute langileen bozeramaileek.
Zumarragako VI. Pintxo Lehiaketa ospatuko da asteburuan. Herriko 14 tabernek hartuko dute parte guztira: Alexander, Arkupe, Berri, Bidezar, Bordatxo, Hirukia, Iburreta, Kakueta, Kortaberri, Monterrey, Saski, Txanpon, Zelaikoa eta Ziaboga. Urtean bi lehiaketa antolatzen dituzte: Santa Isabel jaien atarian bat; eta azaroan bestea, buzkantza lehiaketaren testuinguruan.
Asteburuan etxebizitza bat hustu behar izan dute Beasainen, luizi baten ondorioz. Larunbat arratsaldeko 15:30 aldera, Bista Alai kaleko 9. zenbakiaren gainera etorri zen lurra, Sagastigoiti aldetik. Teknikariak eta udaletxeko arduradunak berehala joan ziren, eta ingurua aztertu ondoren, segurtasun arrazoiengatik, etxe hartako sei bizitzetako biztanleei bertatik ateratzeko eskatu zieten; batzuk etxetik kanpo pasa zuten gaua, baina gainontzeko familiek atzera itzultzeko aukera izan zuten.