EH Bilduko zinegotziek udaletan presoen eskubideen alde egiteko egitasmoa aurkeztu dute
Goierriko EH Bilduko alkate eta zinegotziek euskal presoen eskubieen aldeko hainbat konpromiso hartu dituzte eta haien berri eman zuten atzo arratsaldean prentsaurrean Ordizian.”Euskal jendarteak konpromisoak eskatzen dizkigu guztioi; dispertsioarekin amaitzeko, giza eskubide guztien aitortza eta errespeturako, gatazkaren konponbiderako eta bakearen eraikuntzarako”, azaldu zuen Igor Eguren Ordiziako alkateak.
Horregatik, koalizioko hautetsiek udaletan garatzeko hainbat konpromiso hartu dituzte. Herriko presoen egoeraren jarraipena egitea, bisita erronda ofiziala egitea, hilabeteko azken ostiraletako elkarretaratzeetan parte hartzea edo udaleko ordezkari gisa parte hartzen duten ekitaldi guztietan presoen eskubideen defentsa adierazten duen txartela eramatea, besteak beste.
Urtarrilean Bilbon egin zen manifestazio jendetsua “herri interpelazio erraldoia” izan zen alkatearen hitzetan: “Lehenik eta behin, Espainia eta Frantziako gobernuak interpelatu ziren, gatazkaren konponbiderako aukeraren aurrean duten blokeo jarrerarengatik eta jarrera horixe, hein handi batean, euskal presoen eskubideen urraketan oinarritzen dutelako”.