Lan erreformari aurre egiteko klausulak onartu dituzte CIE Legazpin
CIE Legazpi enpresak 2011ko enpresa hitzarmenari zortzi klausula berri gehitu dizkio, Rajoyren gobernuak ezarritako lan erreformari aurre egiteko. ELA sindikatuak datorren asterako bultzatutako mobilizazio eta grebaren testuinguruan kokatu du lortutako emaitza.
Xabier Olaizola ELA sindikatuko Goierriko metaleko arduradunak azaldu duenez «enpresa eta langile batzordearen artean onartu diren klausulak langileen eskubideak defendatzea» dute helburu. Onartutakoaren arabera, «enpresak ezin izango du hitzarmena aplikatu gabe utzi, kaleratzeen kasuan 45 eguneko kalte ordainak onartu dira, hitzarmena mugagabea izango da berri bat onartu arte», besteak beste. Sindikatuak langileak zoriondu ditu «erakutsi duten antolakuntza eta borroka gaitasunagatik».