Egurra Ta Kitto taldeak hirugarren diskoa aurkeztuko du larunbatean
Iñigo Mendia ormaiztegiarraren eta Iñigo Izuzkitza mutiloarraren Egurra Ta Kitto musika taldeak hirugarren diskoa prest du. Zuentzat du izena eta ska-rock doinuak nagusi dira. Larunbat honetan Azpeitian aurkeztuko dute eta San Joan bezperan Seguran.
Egurra Ta Kitto 2008ko udan sortu zen eta urte hartako abenduan eman zuen lehen kontzertua. Egun sei mutilek osatzen dute taldea: lau azpeitiarrak dira eta bi goierritarrak.
Ska musika jotzen dute eta euren abestietan Euskal Herriaren zapalkuntza egoerari, presoei, festei, euskarari, parrandei, maitasunari, sexuari eta hipokrisiari buruz hitz egiten dute, besteak beste.
2010ean Pausoz Pauso diskoa argitaratu zuten eta 2011n Lurrikara. Hirugarrenaren aurrerapen bat myspace.com-en entzun daiteke. Disko berria taula gainean aurkeztuko dute larunbat honetan bertan.
Taldeko bi goierritarrek aspalditik ezagutzen dute elkar. Ormaiztegin lokal bat lortu zuten eta zegamar batekin jotzen zuten. Mendia ormaiztegiarrari Azpeitiako lagun batek bere herrian ska talde bat sortu nahi zutela esan zion eta hala elkartu ziren bi goierritarrak azpeitiarrekin. Mendiak tronpeta jotzen du eta Izuzkitzak bateria.
Bost urte hauetan makina bat kontzertu eskaini dituzte. «Euskal Herri osoan jo dugu, herrialde guztietan», dio Izuzkitzak.
Hasiera gogorra izan zela gogoratzen du. «Lanez lepo nenbilen eta kontzertu batera dagoeneko dena muntatuta zegoenean heldu nintzen. Iritsi eta berehala, jotzen hasi behar izan nintzen. Gabon esateko astirik ere ez nuen izan», azaldu du.
Egun lasaiago dabil, baina musika eta lana uztartzea gogorra dela dio. «Entsegu asko egiten ditugu, askotan lo gutxi egiten dugu… Baina musika benetan maite dugu eta ahal dugun bitartean jarraitu egingo dugu», aipatu du mutiloarrak.
Jarraitzaileek ez liekete, gainera, uztea barkatuko. Goierrin oso maitatuak sentitzen dira. «Goierrin kontzertu asko eskaintzen ditugu eta beti oso gustura bukatzen dugu. Halako entzuleentzat, kobratu gabe ere jo daiteke. Hemengo herrietan indar handia eman digute. Azpeitiarrek ere eskertu beharra dute!», dio txantxetan Izuzkitzak.
Disko berriaren Goierriko aurkezpena Seguran egingo dute. Mutiloako jaiak astebete beranduago dira, baina aurten ez dute joko. «Bi aldiz jo dugu Mutiloan, baina aurten ez dugu joaterik. Herrian jotzea berezia da, baina nik nahiago dut herritik kanpo jo», aitortu du.
Diskoa Mutrikuko AME estudioan grabatu dute eta gustura gelditu dira. «Hamar abesti ditu. Sekula ez gara gauza zehatz baten bila joaten. Aurrekoak baino gogorragoa dela esango nuke. Lehen aldiz lan egin dugu AME estudioan eta aurrekoetan baino gusturago irten naiz», aipatu du.
Egurra Ta Kitto taldearen jarraitzaileek sorpresaren bat edo beste aurkituko dute. «Abesti batek reggaetoi erritmoa du», aurreratu du. Dena den, ez du uste aurtengo udako kanta eurena izango denik. «Guk, kontzertuak ematearekin eta jendea ezagutzearekin nahikoa dugu. Merke eta ondo jotzen dugu!».
Bukatzeko, Mutiloako bateria-jotzaileak euskal musikak bizi duen egoeraz hitz egin du. «Musika gizartearekin batera mugitzen da eta gaur egun gizartea apur bat lokartuta dagoela iruditzen zait. Lehen, ez dakit zergatik, beharbada bizimodua gogorragoa zelako, musika originalagoa egiten zela uste dut. Gaur egun musika komertzialagoa egiten da. Lehen ideologiak garrantzia handiagoa zuen abestietan».
https://www.youtube.com/watch?v=YRhW80HGfyg