Bertsoaren eskualdeko hiriburu bilakatuko da datorren ostiralean Azkoitia eta Zumarraga-Urretxu batzen dituen errepidearen alde banatan kokaturik dagoen Aizpurutxo auzoa. Aizpurutxo Sariaren hirugarren edizioa jokatuko da, eta aurtengoan, gainera, nobedadeak izango dira, aurreko bi ediziotako formatua erabat aldatuko baita. Aurten, herriarteko taldekako txapelketa gisa jokatuko da, eta ez txapelketa indibiduala, aurreko bi urteetan izan den moduan.
Goierri eta Donostialdean ekoizten diren gazta eta sagardotik abiatuta, 'Gazta eta sagardoaren lurraldeetako pasaporte gastronomikoa' ekimena ezagutarazi dute Donostian. Izaera eta tradizio gastronomiko handia duten bi herri eta bi eskualde batzeko nahia dute ekimenaren bidez.
Nazioen Munduak antolatuta Gure Esku Dago festa ospatuko dute, bigarrenez, asteburu honetan Beasainen. Ostegunean Gure Esku Dago dinamikaren aurkezpena egingo dute Igartza jauregian, arratsaldeko 19:00etan eta ostiralean, 22:30ean Sortuko Dira Besteak kontzertua entzuteko aukera egongo da Antzizar pilotalekuan. Kontzertu hau bira berriko lehen kontzertua izango da, gainera. Halere, egun indartsuena larunbata izango da. Eguerditik hasita kale animazioa egongo da Beasaingo kaleetan: txistulariak, dultzainariak, joaldunak... 14:30ean bazkaria egingo dute. Horretarako, Goierriko hainbat elkartek txapelketa egingo dute ajoarrieroa, biribilkia eta flana prestatuz.