Nazioen Munduak antolatuta Gure Esku Dago festa ospatuko dute, bigarrenez, asteburu honetan Beasainen. Ostegunean Gure Esku Dago dinamikaren aurkezpena egingo dute Igartza jauregian, arratsaldeko 19:00etan eta ostiralean, 22:30ean Sortuko Dira Besteak kontzertua entzuteko aukera egongo da Antzizar pilotalekuan. Kontzertu hau bira berriko lehen kontzertua izango da, gainera. Halere, egun indartsuena larunbata izango da. Eguerditik hasita kale animazioa egongo da Beasaingo kaleetan: txistulariak, dultzainariak, joaldunak… 14:30ean bazkaria egingo dute. Horretarako, Goierriko hainbat elkartek txapelketa egingo dute ajoarrieroa, biribilkia eta flana prestatuz.
18:00etan Dantza Zati Erraldoia. Beasaingo Nazioen Munduako kide den Leire Barandiaranen arabera, azken honetan, «orain arte Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko hainbat herritan egin diren Dantza Zati Bat guztiak batu nahi dira, eta bide batez, jende gehiago ere bildu nahi da».
Plazako kioskoan bi lagun egongo dira balseoan, hauen inguruan, goiko plazan borobilak egingo dituzte beste dantzari mordoxka batek eta plaza azpian, Zubimuzu plaza inguruetan gainerako herritarrak egongo dira dantzan. Hiru zatiko banaketa honekin «jakinduriaren transmisioa islatu nahi» dutela azaldu du Barandiaranek, «gu ere hori egiten saiatzen ari garelako».
Behin dantzak amaitutakoan,Lazkaoko Gure Esku Dago festan egin zen bezala, astoaren kakaren zain egongo dira Arana kalean, 600 euroko saria zein boletori tokatzen zaiok ikusteko. Bien bitartean, bertsolariek giroa alaituko dute.
19:30ean sagardo eta talo festari hasiera emango diote. Bertan Idiazabalgo Nazioen Munduako talogileek prestatutako taloak eta hamairu etxe ezberdinetako sagardoak dastatzeko aukera izango da Bideluze plazan. Festa alaitzen Patxi eta konpainiarekin erromeria egongo da.
Beste behin ere, festa eta aldarrikapena uztartu nahi ditu Nazioen Munduak. «Naturaltasunez, festa giroan eta elkarrekin, autodeterminazio eskubidearen alde aldarrikapena eta dantza egingo ditugu ekainaren 15ean Beasainen», azaldu dute festa aurkezte egindako prentsaurrekoan. Eta aldarrikapen hori egiteko «ekintza xumeak eta mundu guztiak parte hartzeko modukoak» antolatzen saiatu direla azaldu du Leire barandiaranek. «Iaz Lazkaon egin zen flashmobak arrakasta izan zuela ikusi genuen, eta antzeko zerbait egiten saiatu gara Dantza Zati Erraldoiarekin», dio.
Aurtengo leloa ere, iazkoa bezala, Gure Esku Dago izango da, Barandiaranen esanetan «hori delako ohartu behar duguna: politikarien eskuan egoteaz gain, herritarron esku ere badagoelako erabakiak hartzeko eskubidea». Bide horretan, beste behin, ekimen honen bueltan biltzen diren kideek komunean duten ideia autodeterminazio eskubidea dela azpimarratzen du Barandiaranek, «oinarrizkoa eta ukaezina delako eta denok gaudelako horretan ados».
Beasaingo festa-egunerako bolondresak oraindik ere falta dituztela azaldu dute antolatzaileek. Honakoak dira bete gabe dauden txandak: 13:00etatik 189:00etara bazkariak zerbitzatzeko, 18:00etatik 22:00etara sagardoa zerbitzatzeko eta 16:30etik 20:30era kamisetak saltzeko.
Bestalde, Dantza Zati Erraldoirako azken entseguak honako lekuetan egingo dira: Gaur 19:00etan Idiazabalgo Guraso Elkartean, bihar 19:00 Beasaingo plazan eta etzi 19:00etan Segurako plazan. «Egun zoragarria pasa nahi duten guztiak animatu nahi ditugu bertan parte hartzera», esan zuten atzoko prentsaurrekoan.
SARRERAK HONAKO LEKUETAN EROS DAITEZKE:
- Ataun. Troskaeta, Martintxo eta Sutegi.
- Beasain. Antzizar tabernan, Antzizar kiroldegian, Basakana, Arrano eta Batzokia.
- Idiazabal. Batzokia, Izpar eta Xume.
- Lazkao. Alboka eta Giroa.
- Ordizia. Herrikoa eta Kantoi.
- Zaldibia. Illati, Hogar eta Joxepane.
- Osteguneko Gure Esku Dago dinamikaren aurkezpenean ere salgai egongo dira, Igartzan.
- Kutxan ere salgai.