Maiatzaren 24an metalgintzako langileek Beasainen egin zuten manifestazioa
Gipuzkoan hiru greba egun egingo dituzte datorren astean metalgintza alorreko lantegietan. Bi taldetan banaturik egingo dute presioa sindikatuek metalgintzako lan itunak berritzeko. Alde batetik, ELA dago, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako metalgintzako sindikaturik indartsuena. Hiru lurralde horietan bost eguneko lanuztera deitu ditu datorren asterako langileak, baina soilik gutxieneko edukiak bermatzen dituen itun bat indarrean ez duten enpresetako langileak. Metalgintzako langile guztiei dei egin diete, berriz, LABek, CCOOk eta UGTk. Gipuzkoan 17an, 19an eta 21ean egin nahi dute greba. Deialdiarekin lotuta, ostiral goizean agerraldia egingo dute Goierriko lantegietako hiru sindikatuetako ordezkariek, grebaren arrazoiak azaltzeko eta grebarekin bat egin duten lantegien zerrenda jakinarazteko.
Astelehenean erregistratu zuen grebarako deialdia ELAk, baina lau sindikatuak ez ziren ados jarri mobilizazio bateratuak antolatzeko; gaur goizean gainerako hiru sindikatuek egutegi bateratua hitzartu dute. Desadostasun handiak daude bi blokeen artean: ELAk batik bat enpresako itunak bultzatzen ditu, uste baitu horiek direla Espainiako Gobernuaren lan erreformaren aurrean babes handien eman dezaketenak. LABek, CCOOk eta UGTk, berriz, uste dute oraindik badagoela langileak lurraldeko hitzarmenen bidez babesteko modua.