Vallejo eta Fernandez Euskadiko txapeldun, Ataunen
Txirrindulari afizionatuek urteko bi hitzordu garrantzitsu asteburu berean izan dituzte, biak Goierrin. Larunbatean Gipuzkoako elite eta 23 urtez azpikoen txapelketa Urretxun jokatu zen, eta igandean Euskadiko txapelketa Ataunen, 49. Ataun San Martin Proba baliatuz. Agauntza kirol elkarteak prestatutako 136 kilometroko ibilbidean Urkillaga —bi aldiz— eta Abaltzisketa mendateak zeuden.
Lasterketa elite mailako Kepa Vallejo arabarrak (Telcom) irabazi zuen, 3:19:57 ordurekin. Ondorioz, amurrioarra da elite mailako txapelduna. Bigarren Julen Mitxelena oiartzuarrak egin zuen, atzetik berehala zetorren lau laguneko taldetxoari denbora emanez (segundo bakarrera sartu ziren). Bezperan, Urretxun, Gipuzkoako eliteko txapela jantzita zetorren Mitxelena Ataunera.
Taldetxo horretan sartu zen 23 urtepeko bakarra Egoitz Fernandez (Seguros Bilbao) zen, eta hark jantzi du maila horretako txapela.
Goierritar partaide guztiak 23 urtez azpikoen sailean lehiatu ziren. Lasterketako sailkapen orokorrean, Asier Unanue aramarrak (Caja Rural) 29. egin zuen, Iker Azkarate lazkaotarrak (Ikolan-Lanaldi) 30. eta Jon Ander Intsausti mutiloarrak (Caja Rural) 33. postuan. Guztira 39 txirrindularik bukatu zuten proba.