Beasainek Herriartekoan kanporaketa alde du, baina zortea aurka
Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketan Beasainen urtea izan zitekeen aurten, esku huska. Final-laurdeneko joaneko jardunaldian, ostegunean, Azkoitia indartsua 2 eta 1 menderatu zuen, eta kanporaketa oso aldeko ipini. Antzizarren 22-12 irabazi zuten kadeteek, eta 22-5eko jipoia eman afizionatuek. Jubenilek soilik galdu zuten (7-22). Tanteoa ere Beasainen alde geratu da.
Finalerdietara pasatzeko guztia aldeko zeukan. Igandera arte. Herriarteko taldeko pilotari jubenil batek min hartu zuen, beste lehiaketa batean. Belauneko lesio larria du, eta ezingo du Azkoitian itzuliko partida jokatu. Bihar 22:00etan da, Gurea frontoian.
Partaidetza bera kolokan jarrarazi dio zorigaiztoko lesioak Beasaini. «Arazo potoloa daukagu. Gazte mailetan justuko pilotariak dauzkagu. Berez, min hartu duena kadetea da gainera. Hiru kadete eta jubenil bakarra geneuzkan. Ez daukagu ordezkorik, eta oso-oso zaila ikusten dut jarraitzea», azaldu zion atzo Hitzari Arkaitz Goikoetxea pilotari eta prestatzaile beasaindarrak.
Aukera bakarra, frontoira agertu eta jubenilen partida 22 eta 0 galdutzat ematea litzateke. Kasu horretan, beste bi mailetako emaitzekin defendatu beharko luke Beasainek. Atzo iluntzean ziren erabakitzekoak. «Nahiko ilun» ikusten dute egoera, ordea.
Eragozpen mingotsa
Etsita daude Beasain taldekoak. «Pena handia da. Herri mailan ilusioa pizten ari zen pilotaren inguruan, gainera. Jendea interesa azaltzen hasita zegoen».
Aurten berragertu da Beasain Herriartekoan, atzera. Lehiaketa aparta borobiltzeko aukera polita zeukan —eta, zail dagoen arren, dauka oraindik—. Azkoitia kanpoan uzteko lan gehienak eginda dituzte, eta finalerdietara pasatuz gero Oiartzun-Zizurkil arteko garailea izango luke zain (Oiartzun 2-1 aurretik da). Aurkari Oiartzun egokituta, «zerbait» egiteko aukera bazegoela uste dute Beasaingo pilota arduradunak. 1981eko txapeldunordetza berdinduz, finalera iristea ametsa baino gehiago zela, alegia.
Palan, Olaberriak eta Ordiziak larunbatean 18:00etan jokatuko dute, Olaberriko udal pilotalekuan. Beti-Alaiko jardunaldian, aurreko ostiralean, bana egin zuten. Larruzko paletan tanto bakarragatik Ordiziak irabazi zuen (35-34), eta pala motzean Olaberria nagusitu zen (35-40). Lau tantoko diferentzia besterik ez dago, Olaberriaren aldeko