Hamahiru herritara heldu da errezeta elektronikoa Goierrin
Errezeta elektronikoa Goierriko hamahiru herritara heldu da dagoeneko. Apirilaren 24an Lazkao, Olaberria, Ormaiztegi eta Zegamara iritsi zen eta joan zen ostegunean Beasain, Idiazabal, Mutiloa, Ordizia, Segura eta Zaldibiara. Gaurtik aurrera Ataun, Itsasondo eta Legorretako bizilagunek erabiliko dute.
Errezeta elektronikoa (e-rezeta) duten herrietan medikuek zuzenean jakinarazten diete farmazeutikoei gaixo bakoitzari zein botika eman behar dioten. Sistema informatiko baten bidez egiten dute.
Honi esker, gaixo kronikoek ez dute anbulatoriora joan beharrik errezetak eskatzera; txartela farmazian erakustearekin nahikoa da. Txipari esker, ordenagailuaren pantailan agertzen da gaixo bakoitzak zein botika behar duen. Hala, paperezko errezeta desagertu egingo da. Helburua gaixo bakoitzari jarraipen ahalik eta zorrotzena egitea da.
Idiazabalgo Dorronsoro farmaziako Lurdes Dorronsorok «gustura» daudela esan du. «Astebete daramagu errezeta elektronikoarekin eta oraingoz ondo doa». Paperezko errezeta baino hobea dela dio. «Bezeroak nahi duten orduan etor daitezke eta behar dutena bakarrik eramaten dute. Eurak ere pozik daude», aipatu du.