Hamar langile kontratatu ditu Ordiziako Udalak
“Eusko Jaurlaritzak aurreko urteetan garatu duen Euskadi 09 eta 400 planen gisako ekimenik aurtengorako ez zegoela ikusita”, Ordiziako Udalak enplegua sustatzeko egitasmoa bere kabuz martxan jartzea erabaki du. Hala, udaleko zerbitzuburuek arlo bakoitzean antzeman dituzten beharrak aintzat hartuta, hamar langile kontratatu dituzte sei hilabeterako.
Herrian hainbat konponketa eta mantentze lanetarako hartu dituzte hamar horietatik sei; hilaren hasieratik ari dira lanean. Kontratatuko bi ofizialen eta hiru peoien egitekoen artean daude Majorin musika taldeentzat lokalen zorua egokitzea, Plaza Nagusiko komun publikoak konpontzea, Oianguren parkean konpontze eta zaharberitze lanak egitea edo ikastetxeetako mententze lanak egitea. Oianguren parkeko belar-mozte eta garbiketarako lorezaina ere hartu dute.
Gainontzeko lau kontratatuak datorren astelehenean hasiko dira lanean. Hirigintza, administrazio, gizarte zerbitzu eta partehartze zein komunikazio lanetan arituko dira.
Egitasmoa aurrera atera ahal izateko 160.000 euroko inbertsioa egin dute. Kontratazioen bidez, aurrekontuetan jasotako hainbat lan eta inbertsio egingo dira; horien artean daude auzoz auzoko dinamikan eta Oianguko prozesuan adostutako hainbat lan.