Zabor bilketari buruzko galdeketa egingo dute Ordizian
Atez ateko hondakin bilketa sistemaren aurkako eta bosgarren edukiontziaren aldeko herri ekimeneko kideek herri galdeketa egingo dute ekainaren 29 eta 30ean. Gaur arratsaldean prentsaurrean iragarri dutenaren arabera Ordiziako bizilagunei zein sistema nahiago duten galdetuko zaie, eta bi erantzunen artean aukeratu beharko dute: atez ateko bilketa edo bost edukiontzien sistema. Udalean azpiegituren eskaria egitekotan direla azaldu dute, baina hauteskundeetako antolaketa modua erabiliko dutela aurreratu dute. Ez dituzte xehetasun gehiago eman, oraindik antolaketa lanetan dabiltzala eta.
Prentsaurrean salatu dutenez “bildutako 2.700 sinadurak, egindako konzentrazioak eta etxeetako balkoietan jarritako zabor poltsak ez dira nahikoa izan gobernu taldeak erabakia birplanteatzeko”. Horregatik, agerraldian euren “desadostasuna” agertu dute udalak atez ateko bilketa sistema jartzeko hartutako erabakiarekin.