‘Urtean zehar’ izenburupean dantza jaialdia eskainiko du Sustraiakek
Legazpiko Sustraiak dantza taldeak urteroko jaialdia eskainiko du datorren larunbatean. Latxartegi aretoan izango da, 18:00etan hasita. Saioak bi zati izango ditu taldekideen arabera; batetik, «urte guztian zehar, taldeak eskaintzen dituen dantza emanaldien erakustaldia» eskainiko dute, hortik aurtengorako aukeratu duten izenburua: Urtean zehar. Bestetik, «ikasturte amaierako ohiko dantza emanaldia» egingo dute.
Saioa inauteri igandeko konpartsarekin hasiko dute. Konpartsa hau 1991z geroztik antolatzen du Sustraiak dantza taldeak, eta dantza taldeko kideez gain, «makina bat herritarrek ere» parte hartzen dute bertan. Haur eta gaztetxoen emanaldia izango da gero. Santikutz eguneko dantzak irudikatuko dituzte hurrena, «Sustraiak dantza taldeak duen ekitaldirik garrantzitsuena eta maitatuena».
Tradiziozko dantzak
Lehenengo zatia amaitzeko, taldea Gipuzkoako dantza tradizionala berreskuratzeko egiten ari den lanaren erakustaldi bat izango da.
Bigarren zatia urtero eskaintzen dituzten emanaldiek osatuko dute. Aurten, bereziki «ezpatekin egiten diren dantzak». Gipuzkoako eta Bizkaiko dantza tradizionalean ezpatekin egiten diren zenbait dantzez gain, «XX. mende hasieran sortu ziren guda dantza eta Amaia ezpata dantza», eskainiko diete bertaratzen direnei.