Mosaiko jendetsua osatuko dute Ordizian atez atekoari babesa emanez
Ordiziako Zero Zabor taldeko kideek atez ateko hondakin bilketa sistemari babesa adierazteko ekimena prestatu dute larunbat honetarako. Ordizian zero zabor eta hondakinen arazoaren kontzientzia zabaltzen eta indartzen ari dela, baina “hitzetatik eta borondate onetik ekintzetara eta emaitza onetara igaro beharrean gaude”, diote. Horretarako, herritarren, elkarteen, eragile sozialen eta erakundeen konpromisoa beharrezkoa dela azpimarratzen dute.
“Ordiziarrok sistema honekin urrats erraldoia emango dugu birziklapenaren bidean”, diote. Horrela, larunbatean arratsaldeko 19:30ean Ordiziako plazan mosaiko bat osatuko dute; festa giroan mokadutxo bat jateko aukera ere izango dute. Birziklatzearen aldeko konpromisoa agertu nahi duen guztiei deialdi honetan parte hartzera dei egin diete.
Igandean bestalde Patxin eta Potxin pailazoek “Birziklateza erraza da” emanaldia egingo dute Ordiziako Udalak eta Sasieta Mankomunitateak antolatuta. Ikuskizuna eguerdiko 12:30ean izango da Plaza Nagusian.