Euskaltel taldeko Rufino Murgia masajista zauritu da, zirkulazioko istripuan
Euskaltel txirrindulari talde profesionaleko masajista eta mekanikari Rufino Murgia lazkaotarrak zirkulazioko istripua izan du, gaur, Espainian. Taldearen autobus bat gidatzen zihoan Murgia, eta Villalbilla herrian (Burgos, Espainia) kamioi bat jo du atzetik. Berna-hezurra eta peronea hautsi ditu istripuan, eta Burgos hiriko erietxera eraman dute. Ezbeharra 11:20 inguruan gertatu da, A-231 errepideko 157. kilometroan. Bera bakarrik zihoan autobusean. Euskaltelen materiala garraiatzen ari zen, asteburuan Bembibren (Leon, Espainia) jokatuko diren Espainiako Txapelketan parte hartuko baitu Euskaltelek.