II. lore eta landare azoka egingo da larunbatean Ordizian
Larunbatean, hilak 22, lore eta landareen II. azoka egingo da Ordiziako Plaza Nagusian goizeko 9:00etatik eguerdiko 13:00etara. Ordiziako Udalak eta Landare Azokak elkarteak antolatutako azokan hainbat txokotatik iritsitako hamaika landare ekoizle bilduko dira. Era guztietako landare eta osagarriak ikusi eta erosi ahal izango dira: garaiko landareak, dekoraziokoak, kaktusak, bonsaiak, sukaldaritzan erabiltzekoak, usain-belarrak, fruitu arbolak eta baita ekoizpen ekologikokoak ere. Osagarri eta lorontziei dagokionez, upelekin egindako lorontziak egongo dira salgai, forma eta neurri ezberdinetakoak.
Ekoizleen artean bi goierritar egongo dira: Aritz Urretabizkaia (Arama) eta Iñaki Azanza (Zaldibia-Ordizia). Gainontzekoak Errenteria, Irun, Usurbil, Aginaga, Zarautz, Tafalla, Oiartzun zein Logroñotik etorriko dira.