Senpereko batailaren inguruko hitzaldia bihar Igartzan
Senpere auzo inguruetan 1813an gertatu zen batailen inguruko hitzaldia emango dute bihar arratsaldeko 19:00etan Beasaingo Igartza jauregian Martin Garcia beasaindarrak eta Carlos Rivola historialariak. Bataila haren 200. urteurrena aprobetxatuko dute orduan gertatutakoak gogora ekartzeko.
Rivolak Gasteiztik tropak nola erretiratu ziren azalduko du, alderdi historikoa azalduz, Senpereko bataila honi testuingurua emanez. Garcia, berriz, batailaren lekuan zentratuko da gehienbat. «Bataila hura Senpere eta Lazkaibar artean gertatu zela uste da, eta nik inguru horietan zenbait baserri zeuden, hauen jabeak zeintzuk ziren, baserri horietatik zeintzuk gelditzen diren, inguru hartan zer lantzen zuten, zer bide-sare zeuden inguru horietan eta antzerakoak kontatuko ditut», dio Garciak: «Egunerokotasunean zentratuko naiz ni». Horrez gain, bataila hura hiru herri-lurren artean gertatu zela kontuan hartuta (Lazkao, Beasain eta Ordizia), soldadu frantsesen gorpu haiek Lazkaoko lurretan zergatik lurperatu ziren ere azalduko du Garciak.