Zahar etxekoen pregoiarekin hasiko dira bihar Seguran San Joan jaiak
Bihar hasiko dira San Joan jaiak Seguran, eta aurten zaharren egoitzakoek irakurriko dute festen hasiera iragartzen duen pregoia. Egitarauko bi ekitaldi dira bereziki azpimarragarriak aurten: igandeko kultur topaketa eta astelehenean Xanet Imaz pilotari segurarrak profesional ohiekin jokatuko duen partida. Atzo ikurriñak jarri zituzten udaletxeko balkoietan eta hiru buruhandi berriak ere iritsi dira jada udaletxera.
Pregoia irakurtzeko eskaintzak «poza» eragin diela eta herrian integratzeko balio dezakeela esan dute zaharren egoitzatik. Eurak astelehenean hasi ziren jaiak ospatzen. Gaur Idiazabalgo Gazta Museora joan dira eta Azpilla dantza taldekoen emanaldia ikusi dute. Bihar ahal duten guztiak plazara joango dira. Pregoia langile batek eta egoiliar batek irakurriko dute.
Kultur topaketari dagokionez, helburua Seguran bizi diren etorkinak jaietan murgiltzea da. Suedia, Portugal, Pakistan, Bulgaria, Bolivia eta Marokoko lagunek parte hartuko dute. Guztiek euren herrialdeetako jakiak prestatuko dituzte eta jaioterriei buruzko informazioa eskainiko dute.
Imaz gazte mailako pilotariarentzat ere bereziak izango dira aurtengo festak. Izan ere, profesional ohiekin jokatuko du astelehenean. Berak eta Mikel Goñik Capellan eta Oskar Lasarekin neurtuko dituzte indarrak. Lehenago, Ojuelek eta Artolak jokatuko dute, lau t’erdiaren barruan. Pilota jaialdia 18:00etan hasiko da eta sarrerak 5 euro balio du.
Egitaraua
Bihar
-19.00. Mozorrotuen topaketa eta txistulariekin kalejira.
-20:00. Zopa pertzaren jaitsiera alboradaren doinuaz, pregoia eta mokadua plazan.
-20:00-21:30 eta 23:00. Disko festa DJ Krakobiarekin.
-23:30. Indarra eta Zutik Dirau taldeen kontzertuak frontoi zaharrean.
Etzi
-10:00. Plater hausketa Mendotze aldean.
-12:30-15:00. The Joselontxo’s txaranga.
-12:30. Txistularien eta txistulari ohien kalejira.
-Ondoren. Txistularien kontzertua plazan.
-15:00. Kuadrillen bazkaria.
-16:00. Txirrindulari proba.
-17:30-19:00. Gipuzkoa mailako toka eta bola txapelketa Erreboten.
-17:00-20:00. The Joselontxo’s txaranga.
-18:00. Futbito txapelketaren finalak.
-19:00. Buruhandi eta erraldoiak.
-20:00-21:30 eta 23:30. Disko festa Iñigo Etxenikerekin.
-23:30. Hotzikara, Arale, Bolbora eta Laket taldeen kontzertua frontoi zaharrean.
Igandea
-10:30-14:00. Haurrentzako jolasak.
-12:00-14:30. Kilkir txaranga.
-12:00. Kultur topaketa.
-14:00. Haurren bazkaria.
-16:30. Buruhandiak eta erraldoiak.
-18:00-21:00. Kilkir txaranga.
-19:00. Haurren danborrada.
-20:00-21:30 eta 23:30. Imuntzo eta Beloki.
-23:00. San Joan sua.
-23:30. Kontzertuak, mojito gaua eta saltsa lehiaketa frontoi zaharrean.
Astelehena
-10.15. Goiz eresia.
-10:45. Prozesioa eta meza.
-12:00. Bertsolariak, abesbatza, atari eta balkoi ederrenen sari banaketa eta hamaiketakoa Arabarren plazan.
-13:00. Herriko kirolari txapeldunei omenaldia eta herri kirolak.
-16:00. Gazte mailako Gipuzkoako txirrindulari itzulia.
-18:00. Pilota partidak.
-19:00. Buruhandiak eta erraldoiak.
-20:00-21:30 eta 23:00. Joselu Anaiakekin dantzaldia.
-23:30. Jolasak eta txerri harrapaketa frontoi zaharrean.
Asteartea
-11:30. Jubilatuentzat toka, igel eta bote jokoak plazan. Ondoren hamaiketakoa.
-11:30-14:30. Uretako puzgarriak igerilekuan. Eguraldi txarrarekin, pilotalekuan.
-13:00. Toka, bola eta sokatira txapelketa.
-13:00. Txakolin dastaketa.
-17:00-19:00. Puzgarriak.
-20:00. Herri afari elegantea.
-20:00-21:30 eta 23:00. Orots taldearekin dantzaldia.
-23:30. Pertzarekin kalejira.
-00:00. Zopa pertzaren igoera eta agurra.
-00:30. Txosnen itxiera festa.