Atez atekoaren alde, Ordiziako merkatari eta ostalariak
Gaur eguerdian D’elikatuz zentroan egin duten agerraldian, hamabosten bat denda eta tabernetako langileak atez ateko hondakin bilketa sistemari aukera bat ematearen alde agertu dira. Ordiziako Udalak hondakinak gaika era horretan biltzeko hartutako erabakiaren aurrean «pozik» agertu dira, arazoari adarretatik heldu zaiola-eta. Hala, herritarren ongizatearen eta gizartea hobetzearen alde egindako edozein proposamenek «guztion babesa» behar duela aldarrikatu dute Ainhoa Castro eta Txisku Masid bozeramaileek.
Hondakin bilketari buruz hitz egiteko Ordiziako Udalarekin egindako bileren ondoren, merkatari eta ostalarientzat egokiena izango den sistema jartzeko «ahalegin handia» egin dela aitortu dute. Atez ateko bilketa sistema jarria dagoen herrietan bilketa sistema hobetu ere egin dela uste dute merkatari eta ostalariek. «Herri eta gizarte hobe baten alde gure alea jarri nahi dugu, eta bide batez, ingurugiroa zaindu, datozen belaunaldiei mundu iraunkorrago bat uzteko», esan dute.