Urteko egunik luzeena eta gaurik motzena. Udako solstizioaren hasiera. Hori guztia ospatzen da urtero San Joan bezperaren bueltan. Urtean zehar izandako gauza txarrak ahazteko eguna ere bada askorentzat; azterketak bukatu eta oporrak hartzeko garaia gaztetxoentzat. Denentzat ordea, ospakizun garaia. Bart gauean ere, Goierri osoan ospatu dute San Joan bezpera, suaren bueltan. Dantza eta txalaparta doinuekin lagunduta askok, antzezpenak eginez beste batzuk, eta ia denek, janariz eta edariz lagunduta.
Zumarraga Iñigo Muruaren tratamendua ordaintzen laguntzeko hainbat eragilek antolatutako Tantaz tanta Iñigo laguntzeko egitasmoaren baitan, Urretxu-Zumarragako Ikastolako DBHko ikasleek dantza ikuskizuna egingo dute etzi eta ostegunean 19:30ean, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Ikasturtea amaitu duten arren, arratsaldero Ikastolako bidea hartu dute entseguak egiteko. «Elkartasunaren ikasgaian denek atera dute nota bikaina, aho batez azaldu baitira laguntzeko prest», dio Ikastolako andereño batek.