Jaietako egun handia ospatzen ari dira Seguran
Segurarrak jaietako egun handia ospatzen ari dira. Goizeko ekitaldi nagusiak balkoi eta atari ederrenen jabeei eta herriko kirolari txapeldunei sari banaketak eta Jesus Mari Intxaustiri omenaldia izan dira.
Balkoi ederrenari saria Kale Nagusiko 24an bizi diren Garazi Caballerok eta Jabi Casadok irabazi dute. Bigarren saria Erbiolaberriko 3. solairuko Arantxa Jauregi eta Martxelino Elortzarentzat izan da.
Etxe atari ederrenari saria, berriz, Gain Argi 14ko Jabier Mendizabalek eta Mari Karmen Gorostizu-Orkaiztegik jaso dute. Bigarren saria Etxeberri baserriko Haritz Lizarraldek eta Amaia Iraolak eskuratu dute. Gainera, epaimahaiak Lardizabal 17 eta 9ekoek egindako lana aipatu du.
Balkoi eta atari ederrenak saritu ondoren, segurarrak plazar joan dira. Bertan, 2013an lehiaketak irabazi dituzten kirolari segurarrak saritu dituzte.
Hauek dira aurtengo sarituak: Eneko Agirrezabal (Gipuzkoako kros txapelduna eta Euskadiko kros motzeko txapelduna), Beñat Jauregi txirrindularia (haur mailan Gipuzkoako txapelduna), Irati Xiaoyan Agirre (kimu mailan eta taldeka Euskadiko eta Gipuzkoako txapelduna gimnasia erritmikoan), Axier Korta errugbilaria (Espainiak Errege Kopa irabazi du Ampo Ordiziarekin), Xepeño Agirre (Erregularitate, Lehendakari eta Goierri bola txapelketetan txapeldun), Antonio Agirre (Gipuzkoako bola txapelduna) eta Gipuzkoako txapelketa irabazi duen bola taldea.
Talde hau Xepeño Agirrek, Joakin Izagirrek, Jokin Izagirrek, Antonio Agirrek, Martxelino Agirrek eta Jesus Mari Intxaustik osatzen zuten. Azken hau maiatza bukaeran zendu zen eta segurarrek omenaldia eskaini diote gaur eguerdian, herri kirolaren eta euskal kulturaren alde egindako lanagatik.
Udalak eta omenaldiaren ondoren hasi den herri kirol saioan parte hartu duten aizkolariek oroigarriak eman dizkiote familiari. Gainera, Sebastian Lizasok eta Andoni Egañak bertsoak abestu dituzte eta minutu bateko isilunea egin dute.