Ordizia Zero Zaborrek kontzentrazioa egin zuen plazan
Ordizia Zero Zaborrek kontzentrazioa egin zuen larunbatean herriko plazan Ondo egitera goaz lemapean. Antolatzaileek bi agiri irakurri zituzten. Batean datuen arabera atez atekoa zabor bilketa sistema onena dela eta gauzak ondo egitea obligazioa dela gogoratu zuten. Hori dela eta, atez atekoa ez ezartzea utzikeriaz eta arduragabekeriaz jokatzea izango litzatekeela aipatu zuten. Bigarren agirian atez atekoaren aurkako plataformak deitu duen galdeketari buruzko iritzia eman zuten. Zero Zaborren ustez ezin da edozein gairi buruzko galdeketa egin, kutsatzea ez baita eskubide bat. Gainera, boto delegatuak iruzurrari ateak “parez-pare” irekitzen dizkiola esan zuten. Hala, galdeketan ez parte hartzeko deia luzatu zuten. Ondoren, Ingurumenagatik, osasunagatik, ekonomiagatik, erraustegirik ez zioen pankartari buelta eman zioten eta Eman aukera atez atekoari leloa agerian utzi zuten. Bukatzeko, txorixo pintxoak jan zituzten eta sagardoa edan zuten.