Rufino Murgia agurtzeko hileta gaur 19:00etan izango da
Txirrindularitza munduak, Lazkaok eta Goierrik gaur arratsaldean agurtuko dute Rufino Murgia. Atzo hil zen, 55 urterekin, aurreko astean zirkulazio istripu larri batek eragindako zauriengatik. Murgiaren aldeko hileta elizkizunak gaur 19:00etan izango dira, Lazkaoko San Migel elizan.
Samina eragin du Murgiaren heriotzak. Ostegunean istripua izan zuen, Euskaltel taldearen autobusa gidatzen zihoala, Villalbila herriaren parean (Burgos, Espainia). Bembibrera (Leon, Espainia) zen, han jokatu baitira asteburuan Espainiako txapelketak. Geldituta zegoen kamioi bat jo zuen, atzetik, eta larri zauritu zen. Burgosko Unibertsitate Ospitalera eraman zuten. Atzo goizaldean hil zen.
Profesionalen errepideko lasterketa, atzo, Murgiaren omenez minutu bateko isilunea eginez hasi zen, Euskaltel Euskadiko txirrindulariak lehen lerroan zirela. Ion Izagirre ormaiztegiarrak bigarren egin zuen; taldeko masajistari eskaini zion zilarrezko domina. Txapela Jose Herradak (Movista) lortu zuen, eta hark ere Rufino Murgia gogoan izan zuen. Bestetik, Euskalteleko ziklista Ioannis Tamouridisek irabazi zuen atzo Greziako txapelketa, eta garaipena Murgiari eskaini zion.
Murgia oso ezaguna zen txirrindularitza arloan. Euskaltelez gain, beste hainbat talderekin ibili zen, masajista edo laguntzaile moduan. Goierrin ere pertsona ezaguna zen, masaje emaile bezala batik bat. Lazkaon eta Beasainen jardun izan zuen lanean. Beasaindarra jaiotzez, Lazkaon bizi zen hiru seme-alabarekin eta emaztearekin.
Erlazionatutako edukiaEuskaltel taldeko Rufino Murgia masajista zauritu da, zirkulazioko istripuan