Gemma Urteaga Orion azken agurra kantatzen
Gemma Urteaga bertsolari beasaindarrak jantzi du asteburuan Euskal Herriko XXV. Eskolarteko Bertsoalari Txapelketako txapela. Bertsolari beasaindarra bigarren geratu zen Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan, eta Euskal Herrikoan “arantza atera” duela esan du.
Urteagak txapela jantzi zuen larunbatean Orioko Karela kiroldegian nagusien mailan, hau da, 15 urtetik 18 urtera bitartekoen mailan. Urteagak azken urtea egin du eskolartekoan 18 urte bete ditu eta. Orioko saioan “eroso” sentitu zela esan du, “saioak aurrera egin ahala erosogoa”. Familia ondoan izan zuen Urteagak, eta eskertu ere egin zien bertsotan, izan ere Ordiziatik Oriora oinez joan ziren bere senitarteko gehienak. Aitor Sarriegiri ere keinu berezia egin zion Urteagak azken agurrean, behin txapela buruan zuela; irakasleari erakutsitako guztia eskertu zion. Bertsozale elkartetik Urteagaren “erregulartasuna” nabarmendu dute.
Mikel Iturriotz urretxuarra txapeldunorde izan zen Orion. Beretzat ere azken urtea izan da eskolartekoan, eta egindako lanarekin “gustura” agertu da. Saioak aurrera egin ahala “erosoago” sentitu zen urretxuarra ere. Elkartetik Iturriotz saio osoan zehar “ederki” aritu zela azpimarratu dute.