Azken agur jendetsua Rufino Murgiari

HIletaren garaian, eliza inguruan jendez beteta, atzo./Aimar Maiz
Rufino, batzuentzat Rufo, Rufi… guretzat AITA. Beti egon zara gure gainean, behar izan dugun guztietan laguntzen eta gure bidetik oker ez gaitezen saiatzen. Edonor laguntzeko prest familia sekula ahaztu gabe, era batera edo bestera beste askok ere beraien aita edo mentoretzat zaituzte. Beti irrifartsu eta besteoi irrifarrak ateraz, ez ditugu sekula ahaztuko zure txantxak. Hainbeste gauza erakutsi dizkiguzu, eta hainbeste momentu on pasarazi, ezin dizugula sekula eskertu gugatik egin duzun guztia. Garena bagara zuri esker da eta zu gutaz harro joan zaren bezala, gu ere harro gaude lortu duzun guztiaz. Beti erakutsi izan diguzu amore eman gabe borrokatzen eta aurrera egiten eta orain badakigu zure indar guztiak ditugula bizitzan ditugun helburu guztiak betetzera iristeko. Badakigu ezer gutxik egiten zintuela gure ametsak betetzen ikusteak baino zoriontsuago, horregatik jarraituko dugu atsedenik hartu gabe, momentu oro zugan pentsatuz. Neguan ziklokroseko lokatzetan edo Somporteko elurretan, udan munduko edozein lasterketetan, beti egongo da berriro beteko ez den hutsune bat. Eskerrik asko bihotz-bihotzez eman diguzun guztiagatik eta ez ahaztu beti izango zaitugula gurekin. Azken egunetan milaka mezu jaso ditugu zuen animoak eta indarrak bidaltzen, beste behin eskertzea besterik ez zaigu geratzen. Eskerrik asko momentu zail hauetan gurekin egoteagatik.