Beasaingo Andramendi Ikastolak ikasturte amaierako festa ospatu zuen larunbatean. 200 lagun inguru izan ziren gurasoek prestatutako paella eta postreak dastatzen. Bazkaloste alaia igaro zuten, Aitor Furundarenaren abestiei esker, denak kantuan jarriz. Haurrek txirula, txistu eta beste musika instrumentu batzuk ere jo zituzten ikasleek eta dantza ere egin zuten. Merkatu txikian ere trukean aritu ziren ikasle zein gurasoak.
Pedro Garcia eta Arkaitz Mendia mendizale goierritarren espedizioa Pakistanen da, Gasherbrum Ierako irteera prestatzen. Pasa den ostiralean iritsi ziren Islamabadera (Pakistan). Espedizioa egin ahal izateko baimen eta tramite guztiak egiten aritu dira Skardu herrian, eta materialak biltzen. Gaur Askole herrira abiatu dira, autoz joan daitezkeen azken herrira. Handik, bihar ekingo diote Baltoro glaziarrera iritsi aurreko trekkingari.
Gurutze Fernandez (Urretxu, 1979) futbolariak Athleticen nesken lehenengo taldea uzteko erabakia hartu berri du, zazpi urte eta gero. Futbola uzteko unea iritsi zaiola uste du urretxuarrak, eta pozik dago hartutako erabakiarekin. Taldekideentzat eta klubarentzat esker oneko hitzak baino ez ditu, eta «oso oroitzapen onak» gordetzen dituela aitortu du.