
Asteburuan hondakinen bilketaren gainean egingo den herri galdeketaren berri eman dute prentsaurrean gaur arratsaldean. Hala, larunbat eta igandean atez ateko bilketa edo bost edukiontzien sistemaren artean hautatzeko kontsulta egingo dute atez atekoaren aurkako ekimenekoek. Larunbatean goizeko hamarretatik zortziak arte egongo dira zabalik hautes lekuak, eta igandean, hamarretatik seiak arte. Jarraian egingo dute boto zenbaketa. Bozketarako guneak hauteskundeetako ohiko lekuak izango dira.
Bozkatzeko adinean diren ordiziarrek parte hartu ahal izango dute galdeketa honetan. Hala ere, “bozkatzeko eskubidea guztiona” dela argudiatuta, botua bigarren bati delegatzeko aukera izango da. Zizurkilen ika-mikak izan badira ere, Ordizian bozkatzeko modu hori erabiltzea erabaki dute. Beraz, nahikoa izango da izen-abizenak, nortasun agiriaren zenbakia eta sinadura boto-paperarekin batera aurkeztea.
“Prozesuaren inpartzialtasuna eta neutraltasuna bermatzeko” notario batek galdeketa ikuskatuko duela azaldu dute ekimenekoek. Era berean, Ordiziako udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiei bertan egoteko gonbita luzatu diete.