Ordiziako Bilduk ez dio zilegitasunik ematen hondakinen bilketari buruzko galdeketari
Asteburuan hondakinen bilketari buruz egingo den galdeketak zilegitasunik ez duela-eta, ez parte hartzeko eskatu die herritarrei Ordiziako Bilduk. Arratsaldean egin duten agerraldi jendetsuan galdeketan “teknikoki pareka ezinak diren bi sistema” alderatzen direla azaldu dute. Hain zuzen ere, Ordizian bost edukiontzien sistema duela hiru urtetik martxan dagoela gogorarazi du Erramun Amundarain Bilduko kideak eta denbora horretan organikoen %5 soilik bildu dela. Guztira, hondakinen %36 jasotzen da gaika Ordizian.
Kutsatzea ez dela “eskubide bat” eta gaur egungo sistemak birziklatzeko borondaterik ez duenak ez birziklatzea ahalbidetzen duela azpimarratu du. “Erakunde publikoek ezin dute ‘balizko borondate onaren’ arabera lan egin. Are gutxiago, hori egin eta porrota jaso denean”, esan du Amundarainek.
Kontsultaren antolatzaileek udalaren parte hartze prozesuan parte hartzeari uko egin izana salatu du prentsaurrean Bilduko kideak eta plataformaren helburu bakarra “gaur egungo sistema bera mantentzea” dela ziurtatu du. Galdeketaren baldintzak kontuan hartuta argitu duenez “edozein bozketa demokratikoren arau minimoak hausten ditu eta iruzur politiko eta etikoari bide ematen dio”.
Belen Maiza Bilduko zinegotziak, bestalde, kontsulta EAJ eta PSE-EEk sustatu dutela ziurtatu du. Kontsulta “manipulatua” dela eta Ordiziatik kanpora hartutako erabaki baten ondorio dela salatu du. Hala ere, Bilduren ordezkariak asteburuan bozketa mahaietan egongo direla aurreratu dute. “Bozketa-prozesuak ez du bermerik ematen. Prozesu osoa gainbegiratu nahi dugu, eta jakin nahi dugu zein irregulartasun ematen den”, esan du.
Bozketaren ondoren Bilduk prozedura osoa eta emaitzak aztertu eta bere ondorioak aterako ditu. Dena den, Ordiziako udal gobernuak Bildu osatzen duten alderdien babes osoa duela azaldu dute. “Udalak hartu duen erabakia guztiz legitimoa izateaz gain, gehiengo absolutuz hartua da eta udalak du erabaki hori hartzeko eskumena eta ardura”, azaldu du Belen Maizak.
Amaitzeko, Ordizian “herritarrak eta udala ondo egiteko bidean” daudela aldarrikatu eta “interes egoista, partidist edota ekonomikoengatik gaur egungo birziklatze tasa besterik ziurtatzen ez duten sitemarik” ez dutela onartuko esan dute.