Galdeketaren antolatzaileek emaitzen balorazioa egin dute prentsaurrean.
Hondakinen bilketari buruzko galdeketaren antolatzaileek emaitzen balorazioa egin dute arratsaldean prentsaurrean. Parte hartu duten herritar guztiei eskerrak eman dizkiete, baita galdeketa antolatzen lagundu dietenei ere. “Pozik” agertu dira galdeketak utzitako emaitza “onekin”. Datozen egunetan udalari elkartzeko eskatuko diote eta galdeketaren emaitzak aurkeztuko dizkie, “notario baten bermearekin”.
Emaitzen ehunekoak ateartzeko erroldaren gaineko nahasmena alde batera utzita, zenbaki berriak aurkeztu dituzte galdeketaren antolatzaileek. Hain zuzen ere, azken hauteskundeetan Ordizian izandako parte hartze datuen bataz bestekoarekin alderatu dute bost edukiontzien alde jasotako boto kopurua. Kalkuluen arabera, 2003, 2007 eta 2011n bataz beste 4.732 herritarrek hartu bazuten parte eta bost edukiontzien alde 2.765 boto jaso bazituzten, parte hartzearen bataz bestekotik %58,43 sistema horren alde daudela ondorioztatzen dute.
Datu horiek ezagututa Ordiziako Udalak atez ateko bilketa sistema jartzeko hartutako erabakia “hausnartu” egin beharko luketela esan dute. Galdeketa egin baino lehen kubo banaketa eta zintzilikagailuak jartzen hastea kritikatu dute: “Udal gobernu bati dagokion kultura demokratikoarekin talka egiten du horrek”, esan dute.
Ordiziako Udalak atez atekoaren gaineko parte hartze prozesuan mila lagunek gora parte hartu dutela dionean, berriz, “inolako kalkulurik” gabe diotela salatu dute ekimenekoek. Era berean, batzar horietan jasotako edukiak publiko egiteko eskatu dute. “Herritarrenganako errespetu eta gardentasunagatik derrigortuta daude bileretan jasotakoak publikoa egitea”, esan dute.