Bakarrizketa saioak antolatu dituzte Idiazabalen
Idiazabalgo Udaleko Kultura batzordeak, udako kultur ekintzen barruan, Uztaileko ostiraletan bakarrizketak izeneko zikloa antolatu du. Hilaren 5ean, 12an, 19an eta 26an izango dira saioak.
Idiazabaldarrek euskarazko bakarrizketa umoretsuez gozatzeko aukera edukiko dute. Ekainaren 16an Odei tabernan saio bat egin zen eta orain herriko gainontzeko lau tabernetan egingo dira: Xumen, Xaloan, Pilar Enean eta Batzokin, 20:00etan. Sarrera doan izango da.
Ostiral honetako zita Xumen izango da. Barry Barrez irlandarra egongo da bertan. Urteak daramatza umorezko bakarrizketak egiten. Euskara ikasteko prozesua, euskararen egungo egoera eta Irlandaren eta Euskal Herriaren arteko konparaketa izango dira emanaldiaren gai nagusiak.
Uztailaren 12an, Xaloa tabernan, Jon Plazaola urretxuarraren umoreaz gozatu ahal izango dute. Uztailaren 19an, berriz, telebista eta zine mundutik ezaguna den Eneritz Artetxe egongo da Pilar Enean. Esther Uria aktoreak emango dio amaiera zikloari: uztailaren 26an, Batzokin.
Plazaola oso pozik dago Idiazabalen bakarrizketa saioa eman behar duelako. Izan ere, bi aldiz lan egin du herri honetan eta oroitzapen ona du. «Lehen aldian gaztetxean egon nintzen, McRearekin. Etxera oso gustura itzuli ginela gogoratzen dut».
Oraingo honetan bakarrik arituko da. Two seconds izeneko bakarrizketa eskainiko du. Kanpin egiten dutenei gertatzen zaizkien xelebrekeriei buruzkoa da.
Lehenago, ostiral honetan bertan, Zumarragako Eitza auzoko Korta tabernan arituko da. Saioa 23:00etan hasiko da. Bakarrizketa berri bat eskainiko du. «Bakarrizketak berriro modan daudela dirudi. Maiatzean eta ekainean asko lan egin dut eta uztailean Zarautzera eta Oiartzunera ere joango naiz.».