Oinarrizko kanpalekura iritsi dira Pedro Garcia eta Arkaitz Mendia
Atzo iritsi ziren Gasherbrum mendietako oinarrizko kanpalekura Pedro Garcia alpinista ordiziarra eta Arkaitz Mendia lazkaotarra. Pakistanen eguerdiko hamabiak zirenean iritsi ziren 5.000 metrotan dagoen oinarrizko kanpalekura, astebeteko trekkingaren ondoren. Bihar arte egongo dira kanpaleku honetan; dena ondo joanez gero eta eguraldiak laguntzen badu, 1 kanpalekura (5.900m) abiatuko dira. Gasherbrum I tontorra uztailaren 15etik 20ra bitarte zapaltzeko asmoa dute.
Joan den ekainaren 21ean iritsi ziren Garcia, Mendia eta espedizioko gainontzeko kideak Islamabadera (Pakistan), handik aurreikusita bezala ari dira egiten espedizioa. Islamabadetik Askol herriraino bide luzea zuten egiteko, baimen tramiteak eta izapideak egin behar zituzten. Ekainaren 22an Chilsen, 23an Skardun egitekoak egin eta 25ean iritsi ziren Askolera. Ekainaren 26an, asteazkenean, abiatu ziren oinez oinarrizko kanpaleku aldera eta astebete inguru iraun du ibilbideak. Ostegunean bertan iritsi ziren Johlara eta ostiralean Payjura. Bertan egon ziren larunbatera arte indarrak berreskuratzen. Zortzi orduko bidearen ondoren Urducexera iritsi ziren, 4.000 metrotan.
Igandean, ekainak 30, Gore IIrako bideari ekin zioten, 4.525 metrotara, eta astelehenean iritsi ziren Concordia gunera, 7 orduko trekkingaren ondoren, Baltoro eta Godwin-Austen glaziarren elkargunea da. Alpinistetako batzuk Broad Peakera doazenez, espedizioa bitan banatu zen gune horretan.
Alfredo Garcia mendizale errioxarraren komunikazio gabinetetik ari dira espedizioaren jarraipena egiten.