Xabier Zaldua aizkolaria ondoezik dago, eta etzi proba batzuk egingo dizkiote
Gipuzkoako bigarren mailako Aizkora Txapelketan bosgarren geratu da Xabier Zaldua aizkolari zumarragarra. Beasaingo kanporaketan bigarren egin bazuen ere, tartean izandako erakustaldi batean konortea galdu zuen, eta Zumarragako Ospitalean bost egun egin zituen. «Erabat osatu gabe iritsi nintzen Usurbilgo finalera, eta sentsazio onak banituen ere, justu ibili nintzen bukatzeko», esan du Zalduak. Biriketako infekzioa izan du, eta oraindik erabat osatu ez denez, etzi proba sakonagoa egingo diote infekzioa guztiz desagertu den ikusteko.