Zegamarrek Aizkorriko Lagunen Eguna ospatuko dute igande honetan
Igandean Aizkorriko Lagunen Egunaren 14. ekitaldia egingo dute Zegaman. Ibilaldia eta hegaluze eta sagardo dastatzea antolatu dituzte. Gainera, interpretazio zentroan Sandrati, denboran zehar igarobidea erakusketa irekiko dute, Alfredo Moraza arkeologoak hitzaldia emango du eta xiloteka Imanol Artolaren eskutik bisitatzeko aukera egongo da.
Lehen ekitaldia larunbaterako antolatu dute. 11:00etatik 13:00etara Artolak Aizkorriko Ataria interpretazio zentroko xilotekan bildutako egurrei buruzko azalpenak emango ditu. Artolak bildu ditu, hain zuzen ere, xilotekako 1.300dik gorako egurrak.
Iganderako Aizkorrira bi irteera antolatu dituzte. Zegamatik joan nahi dutenak, 06:00etan irtengo dira herriko plazatik. Sandratitik joateko asmoa dutenak, berriz, 08:00etan irtengo dira Aldaolako aparkalekutik. Amezti elkartekoek gidatuko dituzte mendizaleak.
11:00etan Sandrati, denboran zehar igarobidea erakusketa irekiko dute. Erakusketa 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egongo da zabalik. Sarrera doan izango da. Bukatzeko, 12:00etatik 15:00etara hegaluzea eta sagardoa dastatzeko aukera egongo da plazan, Eusko Labelen eskutik.
Erakusketari buruz esan, 11:00etan Alfredo Morazak Sandratiri buruzko hitzaldia eta bisita gidatua emango dituela.
Bertan, Aranzadik koban egin dituen indusketa kanpainetan jasotako informazioa bildu dute eta Lizarrateko igarobidearen historia kontatzen dute argazki, testu eta arasez baliatuz. Aranzadik indusketa kanpainetan aurkitutako pieza esanguratsuenak jarriko dituzte: zeramikak, bertako industria litikoari dagozkion piezak, txanponak…
Tunel honen lehen testigantzak historiaurrekoak dira, duela 12.000 urtekoak. Garai hartako material arkeologoko ugari aurkitu dute. Brontze Aroan eta Erdi Aroan ere gune garrantzitsua izan zen. Azken aro honetan gotorleku garrantzitsua egin zuten bertan eta ordukoa da ere egundaino iraun duen galtzada. 1913. urtera arte jendea bizi izan zen tunelean.