Goizeko hamaikak eta erdian hasi da Tzulo eta Because taldeen arteko norgehiagoka
Altamirako zelai txikiak goizean goizetik hartu ditu kuadrillen arteko futbol txapelketako finalak. Rockus ea Perla Forza neurtu dira lehenengo, eta Rockus taldea nagusitu da penaltietan, 4-2. Jarraian izan da final handia, Tzulo eta Because taldeen artekoa, Tzulok irabazi du, 2-1. Futbol txapelketako finalak, datorren asteko Ordiziako jaien aurrekatik jokatu ohi dituzte urtero Ordiziako kuadrillek.
Ander Galparsoro aurtengo antolatzaileetako bat da, “urtero bi taldek hartzen dute txapelketaren antolaketaren ardura; beteranoak batzuk eta gazteagoak besteak. Gure taldeari egokitu zaio aurten, hirugarren urtez aritu gara aurten, eta beterano talde batekin batera antolatu dugu lehiaketa”. Galparsorok gaurko finala “intentsoa” izan dela esan du, “ikusteko polita”. Lehiaketako sariak frontoian egiten ari diren bazkariaren ondoren emango dituzte. Hamasei taldek parte hartu dute, eta talde guztiek jasoko dute sariren bat.
Datorren ostegunean saskibaloian aritzen diren kuadrillek lekukoa hartuko diete futbolariei, eta beren finalak jokatuko dituzte jaien atarian.