Atez atekoa duten herrietan hondakinen %43 «desagertu» dela dio Lazkaoko EAJk
EAJren Lazkaoko taldeak atez ateko hondakin bilketaren inguruko datu batzuk kaleratu zituen, atzo, eta Goierrin sistema hori jarri duten aurreneko hiru herrietan —Itsasondo, Legorreta eta Zaldibia— «zaborra desagertu» egin dela ohartarazi du. Lazkaoko EAJren arabera, hondakinen %42,95 «desagertu» da atez atekoa jarri zenetik. «Desagertutako zaborra kontuan hartuta, biltze sistema selektiboa ez da %46ra iristen».
Datu horiek eman ondoren, bilketa sistema berria «garestiagoa» dela ere baloratu du EAJk. «Biltze kostua lau aldiz garestiagoa da. Apirila, maiatza eta ekaineko datuak urte guztira luzatuz gero, atez atekoaren jasotze sistemak 165.000 eurotik gorako gain kostua suposatuko du», ebatzi du Lazkaoko EAJk, ohar batean.
Ontzi eskaria ez egiteko eskea
Itsasondoko, Legorretako eta Zaldibiako bilketa datuekin batera, Lazkaoko Udalari bi eskakizun egin dizkio alderdi jeltzaleak. Batetik, Lazkaon atez atekoa abian jartzeko behar diren materialen hornidura-eskaria ez dezala egin, «eta egina baldin badu bertan behera utz dezala». «Hornitze eskaerak kostu garrantzizkoa gehitzea suposatuko luke. Ez dakigu gobernu taldea horretaz kontziente den. Ondorio honetara iritsi gara, gure aldetik atez ateko zerbitzua martxan jartzeko aurrekontuari buruz xehetasunak eskatu ditugunetan orokortasunekin erantzun baitzaigu. Sistemaren kostua zein den xehetasunez ez zaigu agertu».
Bestetik, udalak atez atekoa «ez ezartzeko erabakia» hartzeko eskatu dio Bilduren gobernu taldeari. Gaur egun dagoen bilketa sistemak —bost edukiontzikoa, organikoarena txiparekin— «eskaintzen dituen onurak eta potentzialak» garatzeko eskatu du, eta «herritarren kontzientziazioan» inbertitzeko.