Jendetza erakarri du aurten ere gaueko ibilaldi magikoak, Ataunen
Larunbat arratsa eta gauaren hasiera magikotasunez beteak izan ziren, Ataunen. Gaua gauezkoentzat gaueko ibilaldi mitologikoa egin zuten, Gipuzkoako Parketxe Sareak eta Jentilbaratza kultur elkarteak antolatuta. San Gregorio auzoko Barandiaran Museotik San Martingo plazara, hiru kilometro erakargarri izan ziren, gauaren ilunpean euskal mitologikoako kondaira eta pertsonaia ugariren presentziak zipriztindua.
Bigarren urtean jarraian, jendetza bildu zen ekimenerako. Aurrena, Barandiaran Museoan eta bertako Larruntza multzo hidraulikoan ogia egiteko prozesu guztia garatu zuten antolatzaileek. Zerrategi hidraulikoa eta Errotatxoko igara ere martxan jarri zituzten.
Ibilaldia 20:30a pasatxoan hasi zen. Agauntza errekaren alboko herribidetik San Martineraino joan ziren bisitariak. Tartean-tartean, Jentilbaratza elkarteko kideek —ehun lagunetik gora aritu ziren antzezpenetan— ustekabeko saioak egin zituzten. Lamiak errekan oinak freskatzen, Torto, jentilak, sorginak, Samartin Txiki… Behinola horien guztien berri jaso zuen Joxemiel Barandiaran antropologo ospetsuaren Sara etxetik ere igaro ziren, eta apaiz ttikia etxe atarian paseoan nola ibiltzen zen ikusi ahal izan zuten ibiltariek.
Artelatz taldeak ateratako argazki sorta bat, Gaua gauezkoentzat ibilaldiaren pasarte batzuekin: