Olaberriko Udalak Amoskategi eta Aranguren arteko herribide zaharra berrituko du
Antzina Ataun, Lazkao eta Olaberriko herrietatik Arabarantz joateko erabiltzen zen bide zaharra berreskuratu egingo du Olaberriko Udalak. Amoskategi baserritik Aranguren baserrirainoko zatia erabat utzita dago, landarediak janda. Aurtengo aurrekontuetan sartutako proiektu baten bidez, oinezkoentzat eta bizikletarientzat berritu egingo du, baita herriko auzoen arteko komunikazioa hobetzeko ere. 480 bat metro luze da bide hori, eta gaur egun metro bateko zabalera du, bataz beste. Lurrezko zorua du.
Udalak lehiaketara atera ditu lanak. 158.998,09 euroko aurrekontua du (BEZa barne), eta enpresa esleipendunak hiru hilabeteko epea izango du burutzeko. Obra hori baliatuz, edateko uraren hornidurako hodiak ere aldatuko ditu udalak, zati horretan falta delako hodi lodiagoa sartzea. Olaberriko Bide Berdea egitasmo zabalagoaren lehen fasea da Amoskategi-Aranguren bidea konpontzea. Herri barruko herribideen eta bidexken sarea osatu nahi du udalak bide berdeen planarekin.