
Legazpiko
Atez atekorik ez, birziklapena bai plataformak desobedientziarako deia egin du beste behin, eta udalak jarriko duen hondakinak biltzeko sistema mistoaren inguruan herritarrei banatu dien galdetegia ez betetzeko eskatu dute: «Desobedienteak izango gara, eta ez dugu galdetegia beteko», adierazi dute arratsaldean egin duten agerraldian.
Galdetegian bosgarren edukiontzia edo atez atekoa erabiliko duten zehaztu behar dute herritarrek. Udalak zehaztutako ordutegian eraman behar da galdetegia udaletxera, eta hori ez dute begi onez ikusi plataformako kideek. «Udala ez da gai izan herri galdeketaren inguruko balorazioa 10 egunen azpitik egiteko, eta bi hilabete eta hamar egun behar izan dituzte sistema mistoa ezarri behar dutela esateko. Eta orain, galdetegia erantzuteko hamar eguneko epea dagoela esateko aurpegia dute, eta ez badugu galdetegia betetzen udalak egindako proposamena onartzen dugula ulertuko dute», azaldu dute.
Irizpide hori «lotsagarria» dela adierazi dute plataformatik, eta «herritarrenganako errespetu falta» dela. Hala, galdetegia ez erantzuteko eskatu dute, eta alkateari jakinarazi diote «galdetegia ez erantzuteak» ez duela esan nahi «udalak egindako proposamenarekin ados» daudenik. Errefusaren ontzi grisa ez jasotzeko deia ere egin dute plataformako kideek.