Larunbateko Reala-Tolosa partidarako akordioa sinatu dute
Larunbat arratsaldeko 19:00etan Beasaingo Loinatz futbol zelaian jokatuko den Kilometroak 2013ren aldeko Reala-Tolosa (Okzitania) partida aurkeztu dute gaur eguerdian. Aurkezpenean aurtengo Kilometroaken koordinakuntzaz arduratzen ari diren Unai Igartua eta Eñaut Telleria, Besasain K.E.ko Koldo Zaldua eta Koldo Agirre Beasaingo alkatea izan dira.
Joan zen urtean Ikastolen Elkarteak Realarekin egin zuen hitzarmenaren fruitu da larunbateko partida. Realak hitzarmen honetan, Kilometroak bakoitzaren alde partida bat jokatuko zuela sinatu zuen. Aurten ere halaxe egingo dute, Tolosako Laskorain Ikastolaren alde. Igartuak eskerrak eman dizkie beasaindarrei “eskuak zabalik hartu” dituztelako eta Agirrek halako partida bat Beasainentzat “oso interesgarria” dela argudiatuz, eskerrak eman dizkie antolatzaileei.
Partida hau hasiera batean Tolosako futbol zelaian egitekoak baziren ere, Tolosako zelaiak prebentziozko arrisku irteerarik ez duelako eta handik gertuen gelditzen den zelaia delako aukeratu zuten Beasaingoa. Beasaingo taldekoek taberna bat jarriko dute diru pixka bat ateratzeko partidaren egunean, jende dezente etortzea espero baitute.
Sarrerak dagoeneko salgai daude Tolosako Ahora dendan eta 66 eta Ikatza tabernetan eta Beasainen ere bai, Tti-tta tabernan. Egunean bertan Loinatz futbol zelaian ere egongo dira salgai 15 eurotan tribuna, 10 eurotan orokorra eta 5 eurotan zortzi urtez azpiko haurrentzat. Lehiatila arratsaldeko 18:00etan irekitzea aurreikusten dute. Antolatzaileek bertaratzeko gonbitea egin dute.