Sustapen ministerioak Ezkio-Itsason AHTren geltokia egitea onartu du
Espainiako Sustapen ministerioak Ezkio-Itsason AHTrentzat geltokia egitea aurreikusten duen estudioa onartu du. Hasierako asmoa aurreratzeko eta geratzeko postua egitea zen, baina azkenean geltokia egitea erabaki da. Aldaketa honi esker, eskualdeko bizilagunek Ezkio-Itsason abiadura handiko trena hartu ahal izango dute. Geltokia merkantzia-trenen bazterbide bezala ere erabiliko da. Izan ere, trenbideak bidaiarien eta merkantzien garraiorako balioko du.
Geltokiak bidaiarientzat eraikina eta aparkalekua edukiko ditu. Aparkaleku hau bidaiariek eta garraio publikoak erabiliko dute. Hau guztia lortzeko, aurreikusitako instalazioa baino handiagoa egingo da. Aparkalekua eta bidaiarien eraikina lotuta egongo dira. Baita aparkalekua eta GI-3351 errepidea ere. Geltokiak sei trenbide edukiko ditu: bi Ezkio-Itsason geldituko diren bidaiari-trenentzat izango dira, beste bi merkantzia-trenentzat eta azken biak geldituko ez direnentzat. Lehen lauak aparte egongo dira eta 750 metroko luzera edukiko dute. Geltokian geldituko diren bidaiari-trenentzako bi trenbideek nasak edukiko dituzte.
AHTren estudioa 2000ko azaroan onartu zen. Bertan, Ezkio-Itsason aurreratzeko eta geratzeko postua egitea aurreikusten zen. Baina Sustatze ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak estudioan aldaketak egitea erabaki zuten, trenbidearen funtzionalitatea hobetzeko eta lurraldean eta trenbide sarean hobeto txertatzeko. Hori guztia dela eta, Ezkio-Itsason geltokia egingo dute.