Urdaileko arazoengatik, tontorrera abiatu gabe geratu dira Pedro Garcia eta Arkaitz Mendia
Gaur goizaldean ekin diote Gasherbrum I mendirako igoerari Pedro Garcia eta Arkaitz Mendia kide dituen espedizioko alpiniestek; goierritarrek oinarrizko kanpalekuan geratu behar izan dute urdaileko arazoak direla medio. Zehazki, espedizioa osatzen duten hamaika kidetako bostek dituzte sabeleko arazoak; jandako zerbaitek kalte egin dietela uste dute.
Eguraldi gora behera ugari izaten ari dira uztailaren 2an oinarrizko kanpalekura iritsi zirenetik. Birritan ekin diote igoerako bideari, baina elurra eta haize ufada gogorrak direla-eta itzuli egin behar izan dute. Orain, eguraldi aurreikuspenak igandera arteko atsedena iragartzen duenean, urdaileko arazoek geldiarazi ditu mendizaleak.
Bi astez zain egon ondoren, aukera paregabea zuten honakoa tontorrera igotzeko. Hala ere, ez dute esperantzarik galtzen. Alfredo Garcia mendizale errioxarraren jarraipena egiten ari direnek jakinarazi dutenez, baliteke Pedro Garciak bihar, osasun arazoak gainditzen baditu, bigarren kanpalekurainoko igoera egin eta gainontzeko kideekin elkartzea. Bestela, azken aukera hilaren 26tik 28ra izango dute, eguraldiak beste atsenden bat emango duelako. Edonola ere, hiru eguneko tarte hori gailurra zapaldu eta itzulera egiteko eskasa izango dela jakitun dira.
Itzulera bidaia abuztuaren 10ean egitea aurreikusten zuten, baina, mendian egoteko baimena abuztuaren 16 arte dute. Izaten ari diren zailtasunak ikusita, baliteke itzulera eguna atzeratzea.
Bitartean, gailurrera abiatu diren espedizioko bost kideak lehen kanpalekuan daude dagoeneko, bihar bigarrenera (6.400) igoko dira eta etzi hirugarrenera (7.200). Azken orduko aldaketarik izaten ez bada eta eguraldia lagun badute, tontorra (8.068) igande goizean egitea espero dute.