Urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diete Ordiziako jaien harira auzipetutako lau goierritarrei
2008ko Ordiziako Santa Ana jaietan izandako istiluen harira auzipetutako lau goierritarrei urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri die Donostiako auzitegiak. Fiskaltzak agintarien aurka oldartzea, desobedientzia eta lau ertzain zauritzea leporatzen zien, eta denera 16 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen auzipetuentzat. Azkenean, ordea, bi aldeak adostasunera iritsi dira, eta ez da epaiketarik izan. Auzipetuek ohar baten bidez jakinarazi dutenez, “kartzelara joateok arriskuaren aurrean, adostasun hori onartzera ‘behartuak’ izan gara”.
Joseba Oiarbide, Eneko Gonzalez, Urko Toledo eta Inhar Alvarez de Eulate dira lau gazteak. Bakoitzari urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diete, eta 30na euroko isuna, “desordena publikoa eta agintariei erasotu izana onartuz”. Gonzalezek eta Oiarbidek, beste 400na euro ere ordaindu beharko dituzte, Ertzaintzako agenteak zauritzeagatik. Auzipetuen esanetan, “egiazkoak ez diren gertaera batzuk onartu” behar izan dituzte, kartzela ekiditeko. “Kontuan hartu behar dugu, eurek asmatu zuten auzi batengatik, guztioi bi urtetik gorako kartzela zigorra eskatzen zigutela”. Zentzu horretan, euren burua “defendatzeko aukerari uko egitera ‘behartuak’ sentitu” direla diote.
Laurek onartu behar izan dute agintarien kontrako atentatua, nahiz eta haietako biri bakarrik leporatzen zieten, hala, “kondena baxuagoa izan dadin eta gutako inor kartzelara joan ez dadin”. Euren ustez “gezurrezkoak” diren gertaera batzuengatik urte eta erdiko zigorra onartzea “lotxagarria” bada ere, “ezinbestekoa” zitzaien, “ondorio latzagoak” jasan nahi ez bazituzten.
Donostiako epaitegiaren aurrean, lau auzipetuen senide eta lagunak elkartu dira gaur, babesa emateko. Auzipetuek salatu dutenez, “pixkanaka Ertzaintzaren patruilak azaltzen hasi dira, gure senide eta lagunak inguratu dituztelarik, hauek urduritu eta tentsioan jarri nahian”. Jokabide horiek, “lekuz kanpo” daudela azaldu dute.