Gaueko ibilaldi mitologikoa «arrakastatsua» izan da aurten ere
Bigarren aldiz aurten egin den Gaua gauezkoentzat gaueko ibilaldi mitologikoak orain arteko muga guztiak apurtu ditu, partaidetzari eta ikuskizunari dagokionez. Jentilbaratza elkarteak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatuta, uztailaren 13ko gauean izan zen irteera berezia, San Gregorioko Larruntza museo-gunetik San Martinera. «700 ikusle inguru» izan zirela zenbatu du Jentilbaratza elkarteak, eta ibilaldia aurten ere «arrakastatsua» izan dela baloratu du.
Ogia egiteko prozesu osoa Larruntza errotan erakutsi ondoren —bideoa goierr.hitza.eus webgunean dago ikusgai—, 20:30a inguruan hasi zen ibilaldia, Agauntza errekaren alboko herribidetik. Antzeztutako istorioak, antzezpenak eta irudikapenak egin zituzten Jentilbaratza elkarteko ehun-bat lagunek. «Ikusleek mito eta leiendetan barneratzeko aukera izan zuten. Lamiak, jentilak, sorginak, kristauak eta beste hainbat pertsonaia mitologiko ere agertu ziren», dio elkarteak. Eskerrak eman dizkie bisitariei, ikusleei eta laguntzaile guztiei.