Igor Esnaola segalaria Euskal Herriko txapeldun da
Segalaritzan urte borobila osatu du Igor Esnaola legorretarrak. Euskal Herriko txapelketa irabazi zuen, larunbatean, Gasteizko Zuhatzu auzunean. Aurreneko aldiz parte hartu du maila goreneko sega lehiaketa ofizialean. Elgean (Ozeta, Araba) kanporaketa bat gaindituta iritsi zen finalera.
Esnaolak 4.240,5 kilo belar ebaki zuen finaleko lanean, ordubeteko iraupenean. Juan Joxe Lizaso izan zen bigarren, 158,5 kilo belar gutxiagorekin.
Ekainaren 23an Gipuzkoako txapela jantzi zuen, Aian. Lehiaketa horretan ere lehendabiziko aldia zuen. Iraupeneko probetan ere gaur egun parekorik ez duela erakutsi du, horrenbestez. Bestetik, Euskal Herriko bakarkako VI. Sega Ligaxkan txapeldunorde geratu da, hiru jardunaldiren ondoren —azken saio irabazi zuen, Zaldibian—. Nazioarteko eran jokatzen da hori, Almitzak antolatua. Gipuzkoako azkartasuneko lehiaketak soilik ihes egin dio, azkenean ez baitzen finalean aritu.
Bestetik, jaian Arrate Garinen txanda izan zen, Zizurkilen. Emakumezkoen Euskal Herriko I. Txapelketan hirugarren izan da. Alazne Etxaburuak irabazi du.