Lehertu da jaia Ordizian
Eguerdiko hamabietako kanpai soinuekin batera hasi dira Ordiziako Santa Ana jaiak. Gaurtik igandera bitarte festa giroa nabarmendu da herriko kaleetan. Hain zuzen ere, Bernardo Alberro soinu-jole eta konpositorea izan da udaletxeko balkoitik txupina botatzeaz arduratu dena. Urduri baina emozioz beterik agertu da Alberro balkoian. Prestatuta eraman duen bertsoa abestu ondoren eman dio su suziariari. Danbatekoarekin, Alberrok berak sortutako "Ordiziarrak Gera" abestia jotzen eman diote festei hasiera Burrunbazale Txarangakoek.
Zapi urdinak lepoan lotuta, festan murgildu dira ordiziarrak. Buruhandi eta erraldoiak herriko kaleetan barneratu dira, txaranga, trikitilari eta txistularien laguntzarekin.
Arratsaldeko 17:30ean San Bartolome auzoan “El Albero” zezenzale peñak antolatuta, bigantxak eta koadrilen arteko IX. bigantxa futbol txapelketa -Johan Usabiaga V. memoriala jokatuko da. Ondoren, Alde Zaharrean eta Urdaneta kalean buruhandi eta erraldoiak ibiliko dira berriro ere. Iluntzean, mendeurrena ospatuko duen danborradaren txanda izango da. 21:30ean irtengo da Bustuntzatik eta herriko kaleak zeharkatuko ditu. Urdaneta Kalean, beteranoen danborradak bat egingo du beraiekin. Danborrada plaza nagusian amaituko da, Gurrutxaga maisuaren Ordiziako Martxa jotzen.
Gaueko 00:00etan herriko kaleetan zehar, musika animazioa Brincadeira perkusio taldearekin eta The McKensy`s Clan Bandarekin.












