Mendia eta Garcia mendizaleak galdutako taldekideen bila abiatu dira
Asko korapilatu zaie Gasherbrum I mendiko igoera Hidden Peak 2013 espedizioko kideei. Pasa den astelehenean abiatu ziren tontorrerantz espedizioko kideak, baina Pedro Garcia eta Arkaitz Mendia goierritarrak kanpalekuan geratu ziren, urdaileko arazoak direla medio. Abiatu ziren lau espediziokideetatik hirurekin kontaktua galdu dute ordea, eta galduta egon litezke. Alfredo Garcia berriz, hirugarren kanpamenduan dago geldirik. Horiek erreskatatzeko prestatu dituzten taldeetan parte hartzen ari dira orain Mendia eta Garcia.
Hain zuzen ere, Alfredo Garcia hirugarren kanpamendutik jaistea dute aurreneko helburua. Pedro Garcia hirugarren kanpalekura bidean da bi sherparen laguntzarekin. Mendia berriz, hirugarren kanpalekuaren eta japoniarren korridorearen artean dago beste espediziokide batzuekin batera, galdutako hiru kideen bila. Xevi Gomez, Alvaro Paredes eta Abel Alonso dira galduta dauden mendizaleak. Igandean egin zuten Gasherbrum I-eko tontorra, eta beherakoan galdu dira.
Senideen oharra
Galdutako senideek ohar bat argitaratu dute gaur, eta bertan diotenez, eguraldi aldaketaren ondorioz galdu ziren beherako bidean. 7.400 metrora izan zuten azken hartu-emana satelide bidez, eta haize gogorra zela eta, babestu beharrean zirela azaldu zieten mendizaleek. Hori dela eta, nonbait gordeta egon daitezkeela uste dute senideek.
Gaur eguraldiak hobera egin du, eta horrek erreskate taldeen lana erraztuko duelakoan daude. Gainera, haizea baretu ahala, helikoptero bat irteteko prest dagoela ere jakinarazi dute senideek.