Errege Kopako finalean elkarren aurka aritu ziren Quesos eta Ordizia maiatzean Santanderren. Irudian, ordiziarrak garaipena ospatzen.- Arkaitz Apalategi
Ordizian jokatuko da igande honetan errugbiko Superkopako finala. Iazkoaren tankeran, VRAC Quesos Entrepinares Valladolideko taldearen eta Ampo Ordiziaren artean jokatuko da titulua; Ligako txapelduna lehena, eta Kopakoa, bigarrena. Eguerdiko ordubatean hasiko da partida Altamira estadioan.
2013-2014 denboraldian Ordiziako Rugby Elkartearen 40. urteurrena ospatuko dutela-eta eskatu zuen klubak norgehiagoka Ordizian jokatzea eta federazioak hala egitea erabaki zuen abuztu hasieran. Horregatik, ospakizun moduan, partida eta hirugarren denbora amaituta, herri bazkaria egingo da Plaza Nagusian 15.30ean.
Badira egun batzuk finalerako sarrerak Goierriko hainbat puntutan salgai direla. Hala, Ordizian Amonanen, Ilunpen, Koioten, Aldasoron, Sugaarren, Leizean, Vicuña Sporten eta Altamira Estadioko Tabernan daude. Beasaingo Basakana Tabernan ere jarri dituzte salgai; Seguran eta Zegaman ere bai. Txartel bakoitzak 10 euro balio du, aldez aurretik erosiz gero, eta 12 lehiatilan. Partida honetarako 1.600 eserleku jarriko dituzte eta horiek dira salgai jarri dituzten lehenak.
Bazkarirako txartelak berriz, Vicuña Sport kirol dendan daude salgai. 14 urtetik gorakoen txartelak 14 euroan jarri dituzte, 5etik 14ra bitartekoenak 7 euroan eta txikienengatik ez da ordaindu beharko. Klubetik aurreratu dutenez Erramun Amundarain eta bere lan taldea arduratuko da bazkaria jartzeaz. Menua paella, haragi gixatu eta ijitu besoz osatuko dute; eta amaieran, kafea eta kopa.