Giro ezin hobean ospatu dute Legazpin Gipuzkoako Artzain Eguna
Eguzkiak eta giro onak lagunduta egin da aurtengo Gipuzkoako Artzain Eguna Legazpin. Artzainen, legazpiarren eta bisitarien topagune bihurtu da beste behin ere Euskal Herria plaza, eta goiz osoan zehar izan zen atzo, zer dastatu eta zer gozatu Legazpin. 29 gazta aurkeztu ziren guztira Gipuzkoako Ardi Gaztaren 29. Lehiaketara, eta Mausitxa-ren (Elgoibar) gazta izan zen epaimahaiaren iritziz onena.
Eguzkiak eta giro onak lagunduta egin da aurtengo Gipuzkoako Artzain Eguna Legazpin. Artzainen, legazpiarren eta bisitarien topagune bihurtu da beste behin ere Euskal Herria plaza, eta goiz osoan zehar izan zen atzo, zer dastatu eta zer gozatu Legazpin. 29 gazta aurkeztu ziren guztira Gipuzkoako Ardi Gaztaren 29. Lehiaketara, eta Mausitxa-ren (Elgoibar) gazta izan zen epaimahaiaren iritziz onena.
Gazta Dastatze Herrikoian, berriz, herritarrek egin zituzten epaile lanak eta Gabiriko Baztarrika baserrian egiten den gaztarentzat izan da lehen saria. Eguerdian Legazpiko hainbat elkarteren eskutik, berriz, Ardi Okela Gertatze Gipuzkoako 23. Lehiaketa antolatu zen eta herriko plazara hurbildu zirenek ardi okelezko pintxoak dastatu ahal izan zituzten. Garaipena Uztarri elkarteak lortu zuen.
Goizean zehar artisau erakusketez, gaztagintzaren lehenaz eta orainaz edo Euskal Herriko Ardi Latxaren arrazako ardi eta aharien erakusketaz gozatzeko aukera ere izan zen, baita ardi mozte erakusketaz eta gaztetxoen gazta lehiaketaz ere. Etxeko txikienek gazta egiten ikasi zuten beste behin. Arratsaldean Gipuzkoako 45. Artzain Txakurren Txapelketa egin zen Urtatzako zelaian. Gipuzkoako 6 txakurrek hartu zuten parte norgehiagokan, eta Juan Jose Arrizabalaga (Elgoibar) ‘Azkar’ txakurra izan da garaile.
Ardiekin Elkartearen 25. urteurrena
25 urte luzez ardi latxaren arrazaren hobekuntzaren alde egin duen lanarengatik, eta bidez batez, artzaintzaren eta artzainen alde egindako ahaleginarengatik Ardiekin intseminazio zentroari omenaldi xumea egin zitzaion Gipuzkoako Artzain Egunean. Bestalde, Bergarako Larrañaga Haundi baserriko Jose Mari Osa eta Argi Osa eta Legazpiko Brinkola auzoko Arizti Goiko baserriko Felipe Etxeberria eta Jacinta Zeberio artzainek omenaldia jaso zuten artzantzan urteetan egindako lanaren ordainetan. Ameriketan artzain lanetan aritutako euskaldunak ere gogorarazi nahi izan zituen Gipuzkoako Artzain Egunak; aurten Simon Mendiburu Etxeberria, Patxi Mendiburu Bidart eta Rafael Lizasoain Adansak jaso dituzte sariak.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.