San Gregorio auzoko jaiak bihar bukatuko dira, gaur atseden hartuta
Ataun San Gregorion auzoko festak ospatzen ari dira, ostegunaz geroztik. Zaindariaren eguna bihar izango dute, eta egun horrekin bukatuko dira festak. Gaur ez dago ekitaldirik.
Bihar mota askotako lehiaketetan aritzeko modua izango da San Gregorion. Goizean mus azkarra eta xake azkarra jokatuko dira (11:00etan, plazan). Xakeko lehiaketa haurrentzat da. Toka txapelketa herrikoia ere egingo dute, 12:30ean. Egitaraua mezarekin eta salda banaketarekin hasiko da, aurretik.
Eguerdian herri bazkaria izango da bihar, Zelai frontoian. Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia bertsolariek alaituko dute ondorena, Zumarragako trikitilariekin batera. Bazkaritarako txartelak aurrez erosi behar dira.
Arratsaldean, bingo jolasa (17:00etan) eta dantza txapelketa herrikoia (18:30ean) izango dira. Bikote bakoitzak hiru dantza egin beharko ditu: balsa, fandangoa eta arin-arina, eta twista. Bikote irabazleak Mutrikuko Arbe hotelean gau bateko egonaldia eta gosaria irabaziko du saritan.